CABECERA IRATI POCTEFA

ITSUOSIN

Elurretako Ama Birjinaren ermitatik bostehun metrora dago. Ur-jauziak dira eta osinak. Hortik heldu zaio izena: Itsuosin edo osin itsua, jakina. Zehazki, ur-jauziaren azpian dagoen osin handienari erraten zaio horrela. Txoko liluragarria da egiazki.

Iratiko Etxeetako aparkalekutik abiatuko gara oinez ur-jauzietaraino iristeko. Urbeltza errekaren ertzetik joanen gara Austegia izeneko alderdira iritsi arte; izeiz beterik dago. Handik bidexka bat hartuko dugu Itsuosineraino iristeko.

IRATIKO ETXEAK-ELURRETAKO AMA BIRJINAREN ERMITA

Iratiko Etxeak Elurretako Ama Birjinaren ermitatik 100 metrora daude, Otsagabiko dermio barnean (Zaraitzu). Gaur egun, Iratiko Oihaneko informazio eta harrera gunea dira. Dena den, bertzelako erabilerak izan dituzte, eta hormen artean hamaika istorio daude gorderik. Lehenago, Iratiko oihanzainak bizi ziren, eta garai batez ere Kuartel Etxea izan zen, zurgintzak goiti jo zuenean hemen eraikitako tailer, zerrategi eta esklusak babesteko.

Iratiko oihanaren erdi-erdian, Urbeltzaren eta Urtxuriaren elkargunean gaineko muino batean, Elurretako Ama Birjinaren ermitaren zuritasuna nabarmenduko zaigu. Haritzezko oholez egina du teilatua. Gain hartatik, ederra da ikuspegia. Lozano eta Bartolozzi pintoreek eginak dira Zaraitzuko irudi bereizgarriz beteriko horma-irudiak.

Uda oro, Otsagabiko jendeak erromeria egiten du ermita honetara.

ERREKAIDORRAKO BIDEXKA

Mugaz gaindiko bidexka ederra da, hamar kilometrokoa, Zaraitzu eta Zuberoa artekoa. Gainera, bidean badira panelak Iratiko oihan-baliabideak nola baliatzen ziren azaltzeko; hau da, zura nola ateratzen zen mastak, arraunak, altzariak edota egur-ikatza egiteko. Hortaz, aire zabaleko museo ederra, Irati aldeko gauza aunitz ikasteko: dela landare eta animalietan dagoen aberastasun handia,  dela garai batean erabili ziren kable-sistemak oihanetako zura ateratzeko.

Aukera paregabea da bi herri horien kultura ezagutzeko. Biak ere Errekaidorra gurutzatzen duen zaldainean elkartzen dira.

ORHI

Orhi (2.017 m) mendirik ezagun eta maiteenetako bat da Mendebaldeko Pirinioetan. Autoa Larraineko gainean (Zuberoa) dagoen aparkalekuan uzten badugu, aise iritsiko gara oinez kaskoraino; ordubetean doi. Ikuspegi zoragarriak daude Iratiko Oihanera eta inguruko kaskoetara.

Ez dira gutxi, bertzalde, mendiaren inguruko elezaharrak, Orhin Mari bizi omen baita, hau da, euskal mitologiako jainkosa (naturako jeinuen jainkosa), eta han ere, Basajaun omen dabil, oihaneko jauna.

IRABIAKO URTEGIA

Iratiko oihanean badira pagadi, izeidi eta harizti ederrak, baina horiez gain, paisaiarekin ederki uztarturiko bertze altxor preziatu bat ere badago, Irabiako urtegia, alegia. Urgune geldia oihanaren handitasunaren erdi-erdian, 9,5 km-ko ibilbide ederraren bidez inguruz inguru egin daitekeena.

Irteera eta helmuga toki berean daude. Beraz, Orbaizeta aldetik joanda, urtegiko aparkalekutik abiatuko gara, baina Iratiko Etxeen aldetik ere joan daiteke.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This