CABECERA IRATI POCTEFA

Iraganaren aztarnak

 

Aezkoan nagusi dira oihanak eta belaiak. Bederatzi herri dira, guztiak ere arras lotuak aziendari, zurari eta industria nahiz kultur ondareari, ondare aberatsa baita zinez. Aipatua da egiazki Orbaizetako Errege Ola zaharra, munizioak egiteko, egun hondatua. Legartzako errekak zeharkatua, oraino ere labe zaharrak ikusiko ditugu, bai eta jauregia ere. Ola kultur intereseko ondasun izendaturik dago, eta XVIII. mendean eraiki zen, burdinola zahar baten gainean. Bere garaian, Europako industria militarrik garrantzitsuenetako bat izan zen.

Nafarroan diren 22 garaietatik, Aezkoan 15 daude. Gari-aleak eta bertze gordetzeko eraiki ziren, eta gaur egun, kultur intereseko ondasun dira. 

Garai gehienak Arian, Hiriberrin eta Orbaizetan daude, baina Garaioan, Ariben, Garraldan eta Orbaran ere bada garairik. Bertze toki xarmangarri bat Abaurregaineko hilarrien lorategia da, ikusi beharrekoa.

Ondare balios horretaz landara, bertzelako gauza erakargarriak ere baditugu ikuskizun, hala nola Urkuluko dorrea, Azpegiko historiaurreko aztarna megalitikoak, edota Ariztokiko begiratokia. Aise iritsiko gara azken leku horretara, bidexka txiki bat hartuta. Hori ikuspegia: Aribe, Aezkoa bere osoan, Berrendiko kaskoa eta Irati ibaiaren ibilbidea.

 

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This