CABECERA IRATI POCTEFA

OKABE

Euskal Herriko nekropolik handiena Okaben dago. Mendi misteriotsu hau Iratiko oihanaren bihotzean dago, hots, Europako pagadirik handienetako batean. Harrespilak (biribilean paraturiko harriak) duela 2.000 urtetik goiti bazterrotan bizi izaniko jendearen aztarnak dira. Garai hartan, gorpuak errausten zituzten, eta transhumantzian aritzen ziren artzainek beren hildakoei hilobiak eraikitzen zizkieten. Horietako bat Okabeko hau da. Guztira hogeita hamarren bat harrespil dira, guztiak ere 1.400 metrotik goiti kokatuak.

 

.

IRATIKO SALBATORE KAPERA (Mendibe)

Mendibeko Salbatore kapera XII.-XIII. mendekoa da eta San Joan Jerusalemgoa ordenaren mendean zegoen, hau da, Anaia Ospitalarioen Ordenaren mendean. Zehazki, Erdi Aroan Santiagora zihoazen Donejakue Bideko erromesak artatzen zituzten. Kareharriz eta hareharriz egina, arbelezkoa du teilatua. 1727an berreraiki zen. Fatxadan xafla bat ezarria da Bigarren Mundu Gerran osaturiko sarearen omenez. Izan ere, Charles Schepens jaunak bultzaturik, sareak laguntza eman zion iheslari talde bati Iratiko Oihanean barna Espainia alderat ihes egiteko, euskal artzain batek lagundurik.

Kondaira aunitz kontatzen dira leku honetan eta misterioa dario. Haien artean bi nabarmenduko ditugu: horietako bat Xaindia edo Sainduaren ipuina. Erraten da deabruek neska hura kaperaren gainetik eraman zutela eta, neska gazteak otoitz egin zuelarik, deabruek lurrean utzi zutela. Bertze kondairan Basajaun ageri zaigu, hau da, Basoko Jauna, bai eta kaperan dagoen ganderailu edo argimutil bat ere. Erraten dute artzain batek lapurreta egin ziola Basajauni. Basajaun, orduan, artzainari gibeletik jarraitu zitzaion, eta artzaina kaperan aterpetu zen, Basajaunek ez baitzuen sartzerik. Ganderailua, ordea, hantxe gelditu zen eta orain mugiezina da.

HARPEA

Harpea deitutako lekua eraketa geologiko arras bitxia da, mendi bizkar berdeen artean ezkutatua. Tolesturak daude agerian, lekuaren historia geologikoaren erakusgarri. Kondaira aunitz kontatzen dira leku honetaz, eta artzainek aspaldi-aspalditik erabili dute azienda edo kabalak gordetzeko. Ibilaldi erraz bat eginik iritsiko gara haraino.

IROPILE

Aezkoa eta Garazi leku ederra da. Aezkoa eta Garazi artean dago, eta duela urte batzuetatik honat, garaztarrak eta aetzak Iropilen elkartzen dira bazkalekuei buruz eginiko tratua berritzeko. Aspaldiko tratua da, 1566koa, zehazki. Izan ere, urtero, uztailaren hirugarren larunbatean, Aezkoako eta Garaziko ordezkariak Iropilgo harrespilaren ondoan biltzen dira bi ibarren arteko bazkalekuen eta mugen gaineko hitzarmena berresteko (nazioarteko fazeria da), 1856ko Mugen Nazioarteko Itunarekin bat. Leku horretan 30 mugarri daude; bana, Aezkoako eta Garaziko herri bakoitzeko. Aezkoan 9, eta Garazin, 21.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This