CABECERA IRATI POCTEFA

IRABIAKO URTEGIA

Iratiko oihanean badira pagadi, izeidi eta harizti ederrak, baina horiez gain, paisaiarekin ederki uztarturiko bertze altxor preziatu bat ere badago, Irabiako urtegia, alegia. Urgune geldia oihanaren handitasunaren erdi-erdian, 9,5 km-ko ibilbide ederraren bidez inguruz inguru egin daitekeena.

Irteera eta helmuga toki berean daude. Beraz, Orbaizeta aldetik joanda, urtegiko aparkalekutik abiatuko gara, baina Iratiko Etxeen aldetik ere joan daiteke.

ORBAIZETAKO OLA ZAHARRA

XVIII. mendeko arkitektura industrialaren altxorretako bat da. Hainbat arrazoik eraginda erabaki zuen errege Karlos III.ak ola Orbaizetan eraikitzea. Hona hemen: zura ugari, burdin, zilar eta berun aztarnategiak izatea, eta ura ere ugari izatea. Erdi Aroko burdinola zaharraren gainean eraiki zuten. Olaz gain, bertzelako eraikinak ere altxatu zituzten, hala nola eliza, jauretxea, soldaduendako tropak eta langileendako etxeak. 3.600 lehergailu ere fabrikatu zituen urteko, eta Europako industria militarrik garrantzitsuenetako bat izan zen. Muga ondoan dagoenez, hainbat aldiz arpilatu eta erre zuten, XVIII. mendearen akaberatik aitzina eta XIX.ean, Konbentzioaren aurkako gerran eta Karlistaldietan. 1884an itxi zen betiko. Gaur egun, eraikin batzuk daude zutik, bai eta labeak eta Legartzako errekaren kanalizazio bikaina. Lekua lehengoratzeko proiektua dago abian, eta gainera, kultur intereseko ondasuna da.

.

ARPEA

Arpea deitutako lekua eraketa geologiko arras bitxia da, mendi bizkar berdeen artean ezkutatua, Aezkoa eta Garazi artean. Tolesturak daude agerian, lekuaren historia geologikoaren erakusgarri. Kondaira aunitz kontatzen dira leku honetaz, eta artzainek aspaldi-aspalditik erabili dute azienda gordetzeko. Ibilaldi erraz bat eginik iritsiko gara haraino.

URKULUKO DORREA 

Urkuluko Dorrea izen bereko mendian dago; gailurrean, gainera. Dorre biribila da, harriz egina. 19,5 metro da diametroan, eta 4,5 metro, berriz, garaieran. Misterio hutsa da noiz eta nork egina den. Hasieran, Brontze Aroko hileta-monumentu bat izan zitekeela pentsatu zen. Gero, berriz, erromatarrek eraikiarazitako garaipen-dorre haietako bat, konkista baten ondotik eraiki ohi zituztenak bezalakoak. Eta azken urteotan, berriz, arkeologiako aditu zenbaitek erromatar jatorria zalantzan jarri eta handik mende batzuetara eraiki zela erran dute.

AZPEGIKO GUNE MEGALITIKOA

Orbaizetatik kilometro gutxira, Azpegiko bazkalekuetan triku-harri eta harrespil aunitz daude, hau da, hileta-monumentu megalitikoak. Azpegi I da adierazgarriena; barruti-ganbera laukizuzena du, 15 metroko tumulu batez inguratua, eta inguruz inguru, 12 harriko harrespil bat dago. Bertze hiru triku-harriek bizpahiru harlauza dituzte. Uste da barruti sakratuak zirela, eta tenplu gisako bat ere, baina hipotesi hutsak dira.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This