CABECERA IRATI POCTEFA

Zaraitzu

 

Zaraitzu ibarra nafar Pirinio edo Bortuen bihotzean dago. Iparraldean Zuberoa du mugakide. Hamabortz herri ditu: Ezkaroze, Espartza, Galoze, Gorza, Itzaltzu, Jaurrieta, Otsagabia, Orontze, Erripalda, Igari, Itzalle, Izize, Sartze eta Ibiltzieta. Herri txiki eta polit horiek arbasoen artea eta historia bizirik mantendu dituzte. Horren lekuko, hortxe ditugu triku-harriak, harrizko zubiak eta jauretxeak, eliza hilarridunak eta ermita sendoak.

Zaraitzuko izadia bere ederrean agertzen zaigu, baina alde ederra dago alde batetik bertzera. Izan ere, batetik, iparraldean, Orhiko kaskoa, Abodi mendia, pagadi sarriak (eta oihan nagusia, Irati, jakina), eta bertzetik, hegoaldeko mendi-zintzur edo arroila ikusgarriak.

Hitz batez, natura oparo-oparoa, sosegu eta baretasunerako leku ezin hobea, zaraitzuarrek ederki zaindu eta errespetatu dutena beren jarduera nagusia garatzeko: abeltzaintza, alegia.

Hamaika bidexka ditugu era guztietako paisaietan barneratzeko eta aire zabaleko jarduera mota oro egiteko: zeharkaldiak oinez edo mendiko bizikleta gainean, mendi eta gailur igoerak inguruko tontor ezagunenetaraino, bai eta iraupen-eskia ere.

Zaraitzuko Ibarra www.vallesalazar.com 

 

Ezagutu:
Otsagabia eta Muskilda baseliza

Zaraitzuko ibaxeko herririk jendeztatuena Nafarroako Pirinioetan gehien bisitatzen direnetakoa da, bai Erdi Aroko zubiarengatik bai harriztaturiko karrika estuengatik eta Anduña ibaiaren inguruan lerrokaturiko etxe multzo zainduagatik. XVIII. eta XIX. mendeetako jauregi eta etxe harmarridunez gain, San Juan Ebanjelariaren eliza nabarmentzen da.

Muskilda baseliza Otsagabia herriaren gainean dago kokaturik. XII. mendeko bere eraikuntza erromanikoaren edertasunagatik, Haurrarekin dagoen Ama Birjinaren tailu gotikoagatik, bere ohoretan dantzatzen diren Otsagabiako dantzariengatik eta Pirinioen panoramikagatik eta inguruan gozatzen den baso itxiagatik da ezaguna.

Erremendia

Aezkoa, Zaraitzu eta Urraul ibaxen artean kokaturiko lekune naturala. Mendizaleek oso ibiliriko inguru menditsua, bere gailurrak eta paisaien hedadura direla-eta harritzen duena.

 

Ezcároz

Ezkaroze Zaraitzu Ibarreko hiriburua da. Goi-mendiko herria da, xarmaduna, karrikak meharrak eta harriztatuak baitira, eta etxeak, berriz, zurez eta harriz eginak, bi isurialdeko teilatuz estaliak; teila gorri laua da. Zenbait etxetan armarriak ageri dira, guztiak ere XVIII. eta XIX. mendeetakoak. San Roman eliza ere aipatu behar da, XVI. mendekoa; erretaula nagusia eta Sortzez Garbiaren erretaula dira gauzarik baliotsuenak.

Igal e Izal

Ez dira bertze zenbait herri bezain ezagunak, baina bisitariak altxor txikirik aurkituko du bietan. Igarin, konparaziora, disko-formako hilarri sorta oparoa, San Bizente eliza erromaniko berantiarreko atarian. Itzallen, berriz, Zaraitzuko garai bakarra, arras ongi kontserbatua.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This