Esperientzia paregabeak Iratin udazkenean zehar
Udazkenean, Iratiko basoak mila kolorez tintatzen dira, oreinek orro egiten dute emeen arreta deitzeko eta hegazti-saldoek zerua zeharkatzen dute latitude beroagoen bila. Bitartean, erreketatik sasoiko lehen euriteen ura igarotzen da, eta oihanpean onddoak eta perretxikoak hazten dira berriro. Zentzumenentzako ikuskizun paregabe honek bertako eta beste lurraldeetako bisitari ugari ekartzen ditu.
Iratiko ondare naturala eta kulturala ezagutzera emateko helburuarekin, udazkenean esperientzia espezifikoak eskaintzen dira, zonaldean eskaini ohi diren jarduerekin batera.
Otsagabiko (Zaraitzu Ibarra) Naturaren Interpretazio Zentrotik (NIZ) txangoak proposatzen dira, oinez edo bizikleta elektrikoekin. Oinezko irteerek “Irati, udazkeneko paisaiak” izena dute, doakoak dira eta Iratiko goialdetik igarotzen dira, basoaren balio naturalak, kulturalak eta etnografikoak ezagutuz. Urriaren 1, 15 eta 30 egunetan egingo dira, eta goizeko 9:30ean irtengo dira Irati-Abodi Mendi Zentrotik. Aurretiko izen-ematea beharrezkoa da, 948 89 06 41 telefonoaren edo oit.ochagavia@navarra.es helbidearen bidez.
Urriaren 24rako, Iratiko bihotzera doako irteera bat proposatzen da, bizikleta elektrikoekin. Jardueran zehar, Iratibirako eta Otsagabiko NIZeko gidek ingurune ikusgarri honen sekretu biologikoak eta geografikoak erakutsiko dituzte. Irabiako urtegia, Egurgio, Surzaiko mendi-lepoa, Chalet Pedro eta Itsuosin bezalako tokietatik igaroko den 27 km-ko ibilbide zirkular bat izango da, eta Klimaren Astea dela-eta antolatutako jardueren barruan kokatzen da. Informazioa eta erreserbak: https://labur.eus/ebikeIrati
Kultur Ola zentroak (Aezkoa Ibarra) Orbaizetako Munizio Olara bisita gidatuak eskaintzen ditu iraila eta urrian zehar, Aezkoa Ibarraren laguntzarekin. Inguruko kultura-ondarearen harribitxi hau ikusteko bisitak ostiraletan 16:00tan dira gaztelaniaz, eta larunbatetan, 12:00tan euskaraz eta 13:00tan gaztelaniaz. Erreserbak 848 68 05 34 telefono zenbakian edo aezkoakokulturola@gmail.com helbidean egin daitezke. Gainera, Ondarearen Europako Jardunaldiekin batera, irailaren azken asteburuan eta urriaren lehenean bisitak doakoak izanen dira, Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker.
Zuberoako Chalets d’Iraty-k jarduera oso anitzak proposatzen ditu udazkenean. Horietako batzuk faunarekin lotuta daude, adibidez talde txikietan oreinak orroaldian dauden bitartean ikusteko bisita gidatuak, Orhiren oinean bizi diren sarrioen populazioa behatzeko txangoak edo Organbidexka mendi-lepotik hegaztien behaketa, Ligue por la Proteccion des Oiseaux (LPO) elkarteko adituen laguntzarekin.
Iratiko oihaneko ekosistema ezagutzeko irteerak ere eskaintzen dira Office National des Forêts-eko (ONF) teknikariekin batera, basoko esploratzaile bihurtzeko edo arkeologian hasteko txangoak eta argazki, buztin edo pintura tailerrak, ohiko irteerez gain. Erreserbak eta informazioa: www.chalets-iraty.com/agenda
Iratiko artzainekin udako topaketak egin ondoren, Etxola (Garazi) azaroaren 15era arte egongo da zabalik, Iratiko artzainen bizitza ezagutarazteko, erakusketa iraunkorraren eta inguruko gazta eta gastronomia dastatzearen bidez. Argibideak: 09 88 19 12 37 edo etxola.cize@orange.fr