CABECERA IRATI POCTEFA

Iratiri buruzko turismo-mapa berri bat plazaratu da

Zaraitzuk, Aezkoak, Zuberoak eta Garazik argitaraturiko mapa Aste Santutik aitzina egonen da eskuragarri

Aste Santutik aitzina, bisitariek turismo-mapa berri bat izanen dute eskura Irati aldeko turismo-baliabide nagusiei buruz, bai eta lurralde horretan egin daitezkeen bide eta BTT ibilbideei buruz ere. Mapa Zaraitzuko eta Aezkoako Batzar Nagusiek argitaratu dute, Garaziko eta Zuberoako Sindikata Batzordeekin batera, SASC IRATI mugaz gaindiko lankidetza-proiektuaren baitan, betiere.

Aurrealdean, Iratiko mapa dago, xehetasunez beterik; horrela, lurraldea gurutzatzen duen errepideaz landa (berdez margotua), inguru honetan diren leku interesgarri nagusiak ageri dira. Gainera, leku horien irudiak ezkerraldean daude, jendeak aise jakin dezan zer toki diren. Mapan, halaber, Iratin diren lau informazio guneak ageri dira, bai eta Iratiko lau sarrerak ere. Bestalde, informazio gehigarri gisa, kokapen-mapa txiki bat ageri da eta Iratiko errepide-tarte batzuk egiteko behar den denbora ere bai.

Aurrealdean, halaber, zehatz-mehatz ageri da azaldurik zein diren ibar bakoitzeko baliabide nagusiak, hots, SASC IRATI proiektuan zehaztutakoak: Zaraitzu (ingurumeneko ondarea), Aezkoa (ondare industriala), Zuberoa (hegazti migrazioa) eta Garazi (artzaintza).

Atzealdea, berriz, mapa topografiko bat da; zehazki, 35 bide ageri dira oinez egiteko (horien artean GR ibilbide luzeak daude), bai eta 15 BTT ibilbide ere, Irati aldeko paisaietan dagoen aberastasun joria ederki ezagutzeko: hots, Iratiko oihana, azienda bazkan aritzeko bazkaleku handiak eta beste.

SASC IRATI proiektua

Mapa SASC IRATI mugaz gaindiko lankidetza-proiektuaren baitan egin da. Proiektuan buru dira Zaraitzuko eta Aezkoako Batzar Nagusiak nahiz Garaziko eta Zuberoako Sindikata Batzordeak, Iratiko oihanak duen balioa elkarrekin nabarmentzeko. Ekimenaren bidez, izan ere, lau ibarrek batera gogoeta egin nahi dute baliabideen kudeaketari buruz, eta kohesioa indartu, Irati bere osoan lurralde bat izan dadin, mugaldean egonagatik ere. Hori erdieste aldera, lurraldea garatzeko estrategia iraunkor bat finkatu dute, Iratin diren jarduera ekonomiko nagusiak kontuan hartuko dituena.

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This