Gaur egungo basoa gaztea da -12.000 urte baino gutxiago du- eta pagadia eta izeidia nagusi dira. Lehen, haritza omen zen zuhaitz mota nagusia, baina egun ale bakan batzuk baino ez dira ikusten. Azken mendeetako mendi ustiapenaren eraginez, izeidiak gutxitu egin dira, eta egun pagoa da zuhaitz mota nagusia. Beste espezie batzuk daude Iratin, esaterako, otsalizarra, astigarra, sahatsa, ezkia, zumar hostozabala, eta zuhaixken artean, ezpela, hurritza, gorostia, elorri zuria, ipurua eta basarana. Azkenik, goroldioa, iratzeak eta likenak ere badaude.

 
 
Pagoa (Fagus sylvatica):

Espezierik ugariena da Iratiko basoan. Pagoa hostogalkorra da eta 40 metroko altuera izan dezake. Enborra lodia, zuzena eta leuna da; adaburua, biribildua eta hostotsua. Apiriletik ekainera bitarte loratzen da, eta fruitua (pagatxa) udaren bukaeran ateratzen da
100 eta 150 urte bitarteko pagoak mozten dira mendi ustiapenetan, baina ale zaharragoak ikus ditzakegu.
Hezetasun handia behar du bizitzeko. Pagadietako hezetasunak likenak, goroldioa eta iratzea ateratzen laguntzen du, enborretan eta adarretan bereziki. Pagadiak oso hostotsuak dira, beraz, ez da arrunta beste zuhaitz mota batzuk ikustea, basoaren soilguneren batean ez bada.
Iratin nonahi hedaturik daude.
Hurritza (Abies alba):

Nafarroako izei autoktono bakarra da hau. Koniferoa eta hosto iraunkorrekoa da. 50 metroko altuera izan dezake; enborra zuzena eta gogorra da; adaburua piramide formakoa da.
“Gabonetako zuhaitza” da. Apiriletik ekainera bitarte loratzen da eta fruitua (pinu burua) udazkenean ateratzen da. Larrazkenean, pagoaren hostoak gorriz jartzen direnean, izeiaren berdea nabarmentzen da. Dirudienez, lehen izeidiak pagadiak baino hedadura handiagoa zuen Iratiko basoan, baina itsasontziak eraikitzeko egur ona zela kontuan harturik, asko ustiatu zuten.
Uharkaren ekialdean kokatzen dira gehienbat izeidiak, edota pagadiekin nahasturik.
 
 
Astigarra (Acer platanoides):

Pagadien inguruan kokatzen dira astigarrak, larreetatik hurbil, hain zuzen ere. Hostogalkorra da, hostotsua eta sendoa; 30 metroko altuera izan dezake. Adaburu biribildukoa da; enbor zuzena eta motza du; ale zaharretan azala pitzatzen da. Martxoan eta apirilean loratzen da, eta fruituak udaren bukaeran ematen ditu.
Haritz Kandugabea (Quercus petraea):

Zuhaitz handia eta mardula da. 30 metroko altuera izan dezake. Hosto erorkorrak ditu; adaburua irregularra da, biribildua gutxi gora behera, eta pagoarena baino hosto gutxiagorekin. Enborra lerdena da eta azala pitzatuta dago: zuhaitza zenbat eta zaharrago, azala gero eta pitzatuago.

Apiril-maiatzean loratzen da; fruitua, hots, ezkurra, udazkenean ateratzen da. Iratin tarteka ikus ditzakegu, hegoaldean eta eguteretan bereziki.
 
     
 
Ezpela (Buxus sempervirens):

Pirinio osoan dago hedaturik. Oso estimatua da ezpela, bi arrazoi hauengatik: abereentzako itzal goxoa eskaintzen duelako eta bere egurraren kalitateagatik -grabatzeko eta taila egiteko oso egokia baita-. Ezpela moztea oso mugatua zegoen -eta egun ere dago- eta horrek arazoak sortzen zituen artzainekin eta koilaragileekin -kuxetagileekin-, ezpelaren egurra erabiltzen baitzuten tresnak egiteko.
Hurritza (Corylus avellana):

5 bat metroko zuhaixka da -8 eta 10 metroko altuera ere izan dezake-. Adar asko ditu. Iratin asko dago. “Oriongo hurritzak” oso ospetsuak dira, Monumentu Natural izendatu baitzituzten
 
     
 
Gorostia (Ilex aquifolium):

5 metrorainoko zuhaixka. Hosto iraunkorrak ditu, arantzatsuak. Itzala gustuko du, beraz, pagadien oihanpean bizitzera ongi egokitzen da -gainerako zuhaixkak ez bezala-.

Iratzea (Pteridium aquilinium):

Basoaren sarreretan ugari aurkituko dugu, baita soilguneetan ere.

Errizoma sakona du: horretatik fronde bipinatuak ateratzen dira: udaberrian loratu eta neguan lehortzen dira.

 
     
 
© Atxatxuri Digital