Itxuraz, Iratiko Basoa geldi dago. Baina bertan bizi-bizirik daude animalia iheskor eta isilak; izan ere, animalia ugarik, handiak nahiz txikiak, Iratin dute bizileku. Basoko isiltasuna oreinek baino ez dute hausten, beti udazkenean, marrualdia hasten denean.
Basurdeak ibiltzen dira; hala ere, lurrean uzten dituzten arrastoengatik baino ez gara ohartuko. Orkatza ere bertan bizi da, nahiz eta gutxitan ikusten den. Haragijale txiki eta isilak badaude: basakatua, ipurtatsa, erbinudea, lepahoria.... Beste leku batzuetan arruntagoak diren animaliak ere badaude: azeria, azkonarra... Beste batzuk, berriz, arraroagoak eta urriagoak dira: okil gibelnabarra, muturluze piriniarra. Guztiek Irati izeneko natur paradisua osatzen dute.
 
 
ARGAZKIAK: Alfonso Senosiain
 
 
Oreina (Cervus elephus):

Hain ezaguna den ugaztun lirain honek 265 kg izaten ahal ditu eta 1,5 m neurtu. Arrek adarrak aldatzen dituzte neguaren hasieran. Garai batean ehizaren ondorioz desagertu ziren, eta 1955. urtean birpopulatu zuten. Zaila da ikustea, gauez bizitzea gustuko baitute; hala ere, ilunabarrean eta egunsentian ikus daitezke, ordu horietan erreketara jaisten direlako edatera. Araldia, marrualdia, tipikoa da, eta haien orroak Basoaren bazter guztietan entzuten dira. Arrek bakarrik dituzte adarrak.
Basurdea (Sus scrofa):

Ugaztun hau gure etxeetako zerrien ahaidea da. Itxura sendoa dauka, 200 kg pisatzen ahal ditu; hala ere, ohikoenak dira 100 kg pisatzen dituztenak.
Gauean eta goizaldean ateratzen da. Arrak bakarka mugitzen da eta emea, berriz, bere kumeekin elkartzen da. Ehiztariek asko estimatzen dute.
 
 
Orkatza (Capreolus capreolus):

Gure mendietan barna ibiltzen den zerbidoen familiako animaliarik txikiena da. Orkatz handi batek 125 cm-ko luzera eta 75 cm-ko zabalera izaten ahal du eta gehienez ere 30 kg pisatu. Arrek adar txiki batzuk dituzte; eta neguan erortzen zaizkie.
Azeri Arrunta (Vulpes vulpes):

Azeriak otsoen eta zakurren familia berekoak dira. Ile nabar gorrixka dute, bularrean eta sabelean izan ezik, bertan grisa baitute. Tamaina ertainekoak dira; 60-90 cm-ko luzera dute eta horretaz gain 35-40 cm-ko isatsa; eta 6-8 kg pisatzen dute. Bakarrik bizi dira, araldian izan ezik, eta bereziki iluntzean eta gauean mugitzen dira.
 
 
Urtxintxa (Sciurus vulgaris):

Ugaztun karraskari txiki hau oso zaila da ikusten. Kolore nabar gorrixka dauka, bularrean eta sabelean izan ezin, zuria baitauka. Isatsa, ikusgarria, bizkarraren kolore berekoa da.
Sai Arrea (Gys fulvus):

Hegazti sarraskijale handia da (2,80 m, hegaletako alde batetik bestera).
Bere espeziekoekin bizi da, multzotan elkarturik, eta harkaitzen zuloetan eta erlaitzetan egiten ditu habiak. Haren ezaugarririk nabarmenena lepo "soila" da, lumatxa grisez beteta, eta azpian lumatxa handiagoekin osaturiko “lepokoa” duena. Hegalaldi ederra du, zirkuluak egiten planeatzen baitu. Bazter bakartiak gustuko ditu, arroiletan bereziki. Eremu irekietan jatekoa bilatzen du.
 
 
Okil Gibelnabarra (picoides leucotos):

Altxor ornitologiko handia da. 25 cm-ko luzera du, beraz Nafarroan bizi diren okil zuri-beltzen artean handiena da. Haren txorrotxioa danbolina jotzea bezalakoa da, bukaera aldera arintzen eta aldi berean apaltzen joaten dena.
Okil Beltza (dryocopus martius):

Okilen familiakoa da, eta bele baten tamaina du. Beltz-beltza da eta buru gainean gandor gorri bat dauka. Ohikoa da haien garrasiak entzutea eta enborren aurka behin eta berriro mokoarekin jotzea.
 
 
Hartzak eta otsoak:

Hartza oso arrunta izan zen Iratin XIX. mendearen erdialdean. Bertakoek uxaldiak antolatzen zituzten aldioro harekin bukatzeko. Belarjalea da; hala ere, behar izanez gero, artaldeak erasotzen zituen. Ospe txarra izan arren, inoiz ez da entzun pertsona baten aurkako erasorik gertatu denik, ez bada zauriturik eta inguraturik egotearen ondorioz. Animalia honekin kontraesan handia zegoen: jazarrita egon arren, totemtzat, animalia sakratutzat, hartzen zuten.
Otsoa XX. mendearen hasieran desagertu zen. Hartzak baino ospe txarragoa zeukan, eta horregatik ordaintzen zitzaien otsoak ehizatzen zituztenei.
Hegaztiak:

Hegazti espezie ugari dago, baina, ez ordea kopuru handia. Nabarmentzekoak dira, esaterako, okila, okil beltza, okil gibelnabarra, arranoak, erregetxoak, eta abar. Iratiko Basoa Europatik Afrikara doazen hegaztien pasabide oso garrantzitsua da. Basoko mugetan, Organbidexkan eta Ibañetan hain zuzen ere, kokatzen dira hegaztien behatokiak. Larrazkenean erraz ikus daitezke koartza-saldoak V forma eginez, edota uso-multzoak…
 
     
 
© Atxatxuri Digital